XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Errealitatea, Kultura eta Pertsona Antropologian.

Errealitatea antzezten eta objektibatzen den mundu bat denez, ez dugu inola ere geureganatzen neutro moduan.

Nahitanahiez, sailkaturik agertzen digu burua; hau da, kulturak epaitzen du nondik zer jaso eta utzi, eta, ondorioz, gizabanakoak ezer aukeratzen duenean, mundu bat eratzen ari da, zeini, aukera berau dela medio, egitura eta esangura berezia bait dakarkio.

Kulturak, bada, erabakitzen du zeri eman behar zaion inportantzia eta zeri ez.

Halaber, kultura hitzak, antropologiak txertatzen dion zentzuari jarraikiz, gizarteko arau, agindu, balore eta betebeharren multzoa izendatzen du.

Kultura, edozein kultura, bestalde, bere errealitate, izate eta ihardutearen zeinuak sortzen eta sortarazten ari da etengabean.

Errealitateak, errealtzat jorikoa, agertzen du burua ordenu eta estruktura bideetan barrena murgildurik.

Beraz, estrainio dugun kultura baten ikasgintzan garrantzi handiko gakoa da gauzak nola eratzen eta nola barneratzen diren antzematea.

Hau dela eta, hots, errealitatearen ordenazioa nola sumatu, zelan hauteman, hizkuntzan egin behar dugu geldialdi, zeren eta, hizkuntzak komunikazio tresnak izanik, nola edo hala errealitatearekin harremanetan bait daude.

Esan genezake, bada, badagoela bion artekoan zubi bat, zeinaren bitartez kulturaren antolaketaz ohar gaitezkeen.

Areago, hizkuntz sistema bakoitzak ingurugiro eta bizimoduari dagozkion ñabardura eta kategorizazio zehatz, aipagarri, bereizgarrietan moldatzen duenez gero hiztegi eta hitzen konnotazio auzia, pentsa genezake, pentsatu ere, badagoela hizkuntzaren bidez aztertzeko zernolakoak diren kulturak bere jokaeran erabiltzen dituen bektore eta koordenadak, hau da, errealitatearen ormazutak.

Errealak, beste modu batez esanik, egituraz eta ordenuz azaleratu ohi du bere burua.

Nolabait, hizkuntzarekikoak sortu eta, bidebatez, adierazi egiten du erreala, (...).